Estatutoak

LEHEN KAPITULUA

IZENA

1. artikulua.– Laguntza ekonomikorako ELKARCREDIT Elkartearen erregistro-zenbakia AS/B/11517/2004 da, eta 2004ko urriaren 14an inskribatu zen. Elkartearen estatutu hauek aldatu egin dira Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legean eta Euskadiko Autonomia Estatutuko 9. eta 10.13. artikuluen arabera Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan xedatutakoa kontuan hartuta.

Elkarte hori honako hauexen arabera arautuko da: elkarteei buruzko legeetan agindutakoa; estatutu hauetan xedatutakoa, betiere legearen aurkakoa ez bada; elkarteko gobernu-organoek behar den moduan erabakitakoa, betiere legearen eta/edo estatutuen aurkakoa ez bada; eta Eusko Jaurlaritzak onartzen dituen arauzko xedapenak. Azken horiek, ordea, ordezkagarriak baino ez dira izango.
Elkartea irabazi-asmorik gabeko gobernuz kanpoko erakunde akonfesionala da, bere osaketari begira ideologia anitzekoa da, paritarioa da generoaren arloan, bere nortasun juridikoa dauka eta ez dauka inolako menpetasun edo loturarik edonolako alderdi, sindikatu, eliza edo beste erakunde politiko edo erlijioso batzuekin.

HELBURUAK

2. artikulua.- Helburu horiek lortzeko, honako jarduera hauek garatuko dira, legearen arabera ezarritako betekizunak bete ondoren:

Hona hemen interes orokorreko elkartearen helburu nagusia: Euskaditik Mundubat Fundazioan mikrokreditu eta kredituekin zerikusia duten jarduerei laguntza finantzarioa edo ekonomikoa ematea, batez ere. Horrela, herrien zein pertsonen arteko elkartasuna eta lankidetza sustatzen dira, giza garapena erdiesteko orduan. Horrez gain, talde, herri-erakunde eta erkidegoen prozesuak sustatu eta errespetatu egiten dira, etorkizuna guztiontzat bidezko eta duinagoa izan dadin.
ELKARCREDIT Elkarteko jarduketak eta helburuak ez dira inoiz Mundubat Fundazioaren (aurrerantzean, Mundubat) oinarrizko helburuen eta filosofiaren aurkakoak eta kalterakoak izango.
Helburu horiek lortzeko, honako jarduera hauek garatuko dira, legearen arabera ezarritako betekizunak bete ondoren:
Afiliatzea eta Mundubat fundazioko bazkide atxikia izatea.
Bertako kideen artean fondoak biltzea, Mundubat-en garapen-proiektuetan inbertitzeko.
Mundubat-en xedea sustatzea.
Mundubat-ekin batera lan egitea, Mundubat-ek Euskadin zein munduaren gaineratikoan dituen helburuak lortzeko.
Iparraldeko zein hegoaldeko toki-sareak ezartzen eta sendotzen laguntzea, Mundubat-ek finantzatutako proiektuak bultzatzeko asmoz.
Dohaintzen, abonuen, kuoten, lagapenen, baldintzazko ekarpenen bitartez edo beste edozein sistema egokiren bidez fondoak inolako mugarik gabe onartzea eta erakartzea.
Mundubat-ek munduko iparraldean zein hegoaldean abian jarritako proiektuetarako laguntza finantzarioko ezohiko sistemak aztertzea eta garatzea.
Jarduera finantzarioak edo ekonomikoak garatzea, bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak lortzeko.
Era guztietako eta edonolako tituluko ondasunak eskuratzea eta edukitzea eta era guztietako egintzak zein kontratuak egitea.
Legeen edo bere estatutuen araberako era guztietako ekintzak egitea, arautegi kasuan-kasuan ezarri beharreko orokorrean eta zerga-arautegian adierazitako betekizunak kontuan hartuta.
Aurreko idatz-zatian azaldutako jarduerei kalterik egin gabe, elkarteak honako hauxe egin ahal izango du bere helburuak betetzeko:
Era guztietako jarduera ekonomikoak garatzea, bere helburuak betetzeko edo horretarako baliabideak lortzeko.
Era guztietako eta edonolako tituluko ondasunak eskuratzea eta edukitzea eta era guztietako egintzak zein kontratuak egitea.
Legeen edo bere estatutuen araberako era guztietako ekintzak egitea.

ERAKUNDEAREN HELBIDEA

3. artikulua.– Hona hemen elkarteak Bilbon daukan helbide nagusia: Kapelagile 2, 3. solairua.
Elkarteak beste lokal batzuk eduki ahal izango ditu autonomia-erkidegoaren esparruan, Batzar Nagusiak halaxe erabakitzen duenean.
Beste udalerri batera joan ezean, Zuzendaritza Batzordeak erabakiko du egoitza nagusiaren eta gainerako lokalen helbidea aldatzea, eta Elkarteen Erregistroari jakinarazi beharko dio zein den helbide berria. Gainerako suposamenduetan, ezinbestekoa izango da estatutuak aldatzea.
Era berean, bere helburuak betetzeko beharrezkoa izanez gero, beharrezkoa den herrialdeetan nortasun juridikoa aitortzeko eskaera egin ahal izango du.

LURRALDE EREMUA

4. artikulua.– Batez ere, Euskadiko Autonomia Erkidegoan garatuko ditu bere eginkizunak. Nolanahi ere, lantzean behin bere jarduerak garatu ahal izango ditu munduko edozein herrialdetan, bere helburuak bete ahal izateko.Erregistroan inskribatu ondoren, eratutako elkarteak bere nortasun juridikoa izango du, baita munduko edozein lekutan jarduteko erabateko gaitasuna ere. Hori dela eta, sorreraren helburua betetzeko beharrezkoak diren egintza guztiak egin ahal izango ditu, ordenamendu juridikoan xedatutakoa kontuan hartuta.

IRAUPENA ETA IZAERA DEMOKRATIKOA

5. artikulua.– Elkartea irauteko eratu da, eta, VI. kapituluan adierazitakoaren arabera, Ezohiko Batzar Nagusian hartutako erabakiaren bidez baino ez da desegingo, edo legeetan aurreikusitako edozein arrazoiren bitartez.

Elkartearen barne-antolaera eta funtzionamendua demokratikoak izan beharko dira, eta aniztasuna errespetatu beharko da bete-betean. Elkartzeko oinarrizko eskubidearen edozein alderdi kontuan hartzen ez duten hitzarmenek, estatutu-xedapenek eta erabakiek ez dute eskubide osoko inolako indarrik izango.

BIGARREN KAPITULUA

GOBERNU ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

6. artikulua.– Kide anitzeko honako organo hauek gobernatu eta administratuko dute elkartea:
Bazkideen Batzar Nagusia, organo goren moduan.
Zuzendaritza Batzordea, zuzendaritza iraunkorreko kide anitzeko organo moduan.

BATZAR NAGUSIA

7. artikulua.– Bazkide guztiek osatutako Batzar Nagusia euren borondatearen adierazgarri den organoa da.
Hona hemen Batzar Nagusiaren ahalmenak:

a) Elkartearen jarduketa-plan nagusia onartzea.
b) Urteko kontuak eta hurrengo ekitaldiko aurrekontua aztertzea eta onartzea.
c) Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa onartzea.
d) Estatutuak aldatzea.
e) Elkartea desegitea.
f) Presidentea, idazkaria, diruzaina eta, egon baleude, kide anitzeko gobernu-organoko gainerako kideak hautatzea, kargutik kentzea, ikuskatzea eta kontrolatzea.
g) Beste elkarte batzuekin federatzeko eta konfederatzeko egintzak egitea edo euretako bat uztea.
h) Ondasun higiezinen erabilera edo besterenketa onartzea.
i) Gobernu-organoko kideen ordainsari-erabakia hartzea, hala badagokio.
j) Ohiko edo ezohiko kuotak zehaztea. Dena dela, Batzar Nagusiak ahalmen hori gobernu-organoari eskuordetu ahal izango dio berariazko erabakiaren bitartez.
k) Bazkideak behin betiko banatzeko erabakia hartzea.
l) Elkarteko beste organo batek esleituta ez daukan beste edozein eskumen erabiltzea.

8. artikulua.– Batzar Nagusiak ohiko eta ezohiko bilerak egingo ditu.

9. artikulua.– Batzar Nagusiak ohiko bilerarako deia jaso beharko du urtean behin gutxienez, 7 a), b) eta c) artikuluan aurreikusitako erabakiak hartzeko.

10. artikulua.– Batzar Nagusiak ezohiko bilera egingo du, Zuzendaritza Batzordeak bere ekimenagatik edo bazkideen %25en eskaeragatik halaxe erabakitzen duenean. Izan ere, bileraren arrazoiak eta helburua zein diren azaldu beharko da, eta honako gai hauen berri ematea eta euren inguruko erabakiak hartzea izango da xede nagusia:
a) Estatutuak aldatzea.
b) Elkartea desegitea.

11. artikulua.– Batzar Nagusien deialdiak idatziz egingo dira, eta bilera zer leku, egun eta ordutan egingo den eta gai-zerrenda zein izango den adierazi beharko da bertan. Deialdiaren eta batzarra lehen deialdian egiteko zehaztutako egunaren artean hamabost egun egon beharko dira gutxienez. Era berean, hala badagokio, batzarra bigarren deialdian zer egun eta ordutan egingo den adierazi beharko da. Dena dela, euren arteko tartea ordu erditik gorakoa izan beharko da.
Ohiko eta ezohiko batzar nagusiak behar den moduan eratuko dira lehenengo deialdian, bozkatzeko eskubidea duten bazkideen herenak bertaratu badira edo euren ordezkariak agertu badira; eta bigarren deialdian, bozkatzeko eskubidea duten bazkideen edozein kopuru bertaratu bada.

12. artikulua.– Batzar Nagusiak bertaratutakoen edo ordezkatutakoen gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, baiezko botoen kopurua ezezkoena baino handiagoa denean. Edonola ere, baiezko botoen kopurua behar bezala emandako botoen erdia baino handiagoa denean, bertaratutakoen edo ordezkatutakoen gehiengo kualifikatua lortu beharko da, honako erabaki hauek hartzeko:
a) Elkartea desegitea.
b) Estatutuak aldatzea.
c) Ondasunak erabiltzea edo besterentzea.
d) Ordezkaritza-organoko kideen ordainsaria zehaztea.

13. artikulua.– Bazkideek euren ordezkaritza eskuordetu ahal izango diote beste edozein bazkideri, batzar nagusietara joateko orduan. Ordezkaritza hori idatziz emango da, eta batzarreko ordezkariari aurkeztu beharko zaio bilera egin baino bi ordu lehenago. Elkarteko helbide sozialaren hirian bizi ez diren bazkideek postaz bidali ahal izango dute ordezkaritzaren egiaztagiria.

ZUZENDARITZA BATZORDEA

14. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea ordezkaritza-organoa da, eta elkartearen interesak kudeatu eta ordezkatu egiten ditu, Batzar Nagusiaren xedapen zein zuzentarauen arabera. Bazkideak baino ez dira ordezkaritza-organoko kideak izango.
Batzar Nagusiaren ahalmen berezikoak diren gaietan izan ezik, Zuzendaritza Batzordeak erabateko askatasuna izango du, elkarteak helburu zehatzen lorpenerako abian jarri behar dituen jarduerak zehazteko, bere iritziaren eta helburuen betearazpenaren arabera unean-unean egokienak zein diren kontuan hartuta.
Hona hemen Zuzendaritza Batzordeko kideak:
– Presidentea
– Presidenteordea
– Idazkaria
– Diruzaina
Gutxienez, urtean hirutan batzartu beharko dira, baita jarduera sozialen garapen egokiaren arabera beharrezkoa den guztietan ere.

15. artikulua.– Agintaldian zehar, Zuzendaritza Batzordeko kideak adierazitako bileretara inolako arrazoirik eman gabe hiru aldiz jarraian edo tarteka 5 aldiz ez badoaz, kasuan kasuko kargua utzi beharko dute.

16. artikulua.– Batzar Nagusiak Zuzendaritza Batzordeko kideak aukeratuko ditu, eta 3 urtez egongo dira karguan, betiere berariaz aurkakoa adierazten ez bada. Karguok behin eta berriro hautatu ahal izango dira.

17. artikulua.– Hona hemen Zuzendaritza Batzordeko kidea izateko ezinbestean bete beharreko betekizunak:
a) Adinez nagusia izatea edo emantzipatutako adingabea izatea, eskubide zibilen erabateko erabilera izatea eta indarreko legerian ezarritako bateraezintasunik ez edukitzea.
b) Estatutuetan aurreikusitakoaren arabera izendatua izatea.
c) Erakundeko bazkidea izatea.

18. artikulua.– Batzar Nagusiak izendatutakoan, Zuzendaritza Batzordeko kideek kargua euren gain hartu nahi badute, kargua onetsi edo karguaren jabe egin beharko dira. Karguak doakoak izango diren arren, Batzar Nagusiak dieten eta gastuen ordainketa ezarri ahal izango du.

19. artikulua.– Zuzendaritza Batzordeko kideek honako kasu hauetan utziko dute kargua:

a) Agintaldia amaitzen denean.
b) Bazkide-kargua bertan behera uzten dutenean.
c) Bazkide izateari uzten diotenean edo ezgaikuntzaren bat dutenean.
d) Estatutu hauetako 16. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, Batzar Nagusiak ezeztatzeko erabakia hartzen duenean.
e) Hiltzen direnean.
Kargua bera a) idatz-zatian aurreikusitako arrazoiarengatik utziz gero, Zuzendaritza Batzordeko kideek jardunean jarraituko dute, harik eta lehenengo Batzar Nagusia egin arte eta kargu berriak aukeratu arte.
b), c), d) eta e) suposamenduetan, Zuzendaritza Batzordeak berak behin-behineko izendapena egingo du hutsik dagoen kargua betetzeko, eta Batzar Nagusiak berretsi edo ezeztatu egingo du. Ezeztatzeko erabakia hartuz gero, kasuan kasuko izendapena egingo du.
Organo horren osaketan gertatutako aldaketa guztien berri eman beharko da Elkarteen Erregistroan.

20. artikulua.– Hona hemen Zuzendaritza Batzordearen eginkizunak:

a) Elkartearen ohiko kudeaketa zuzentzea, Batzar Nagusiaren jarraibideen arabera eta haren kontrolpean.
b) Elkarteak garatu beharreko jarduerak antolatzea.
c) Gastuen zein diru-sarreren aurrekontua eta aurreko urteko kontuen egoera Batzar Nagusiari bidaltzea, onartu ditzan.
d) Batzar Nagusiari elkarteko bazkideen urteko kuota eta beste tarifa batzuk proposatzea.
e) Batzar Nagusiaren bileretarako gai-zerrenda egitea eta ohiko naiz ezohiko batzar nagusietarako deiak noiz egingo diren adieraztea.
f) Bazkideek idatziz egindako proposamenak edo iradokizunak jasotzea eta beharrezko neurriak hartzea.
g) Elkartearen ohiko kudeaketa bideratu behar duten arauak batzarrari bidaltzea, onartu ditzan.
h) Eskuragarri dauden fondoak elkartearen helburuen artean banatzeko eta ezartzeko lerro nagusiak zehaztea.
i) Ahalordedun nagusiak edo bereziak izendatzea.
j) Elkartearen prestazioetako onuradunak hautatzea.
k) Eginkizun aholku-emaileak edo erdi betearazleak dituzten batzordeak, kontseiluak edo kide anitzeko beste organo batzuk eratzea, euren funtzionamendu-araudiak ezartzea, euren helburu zehatzak zehaztea eta euren helburua betetzeko egokiak diren botereak, ahalmenak eta eskumenak eskuordetzea.
l) Dohaintzak, legatuak, herentziak eta era guztietako laguntzak edo dirulaguntzak onartzea. Era berean, elkartearentzako edo elkartearen helburu zehatz baterako ondasunak edo eskubideak erostea, betiere horretarako erositako ondasunen edo eskubideen izaera eta zenbatekoa eta euren errentak edo emaitzak egokiak edo nahikoak direla askatasunez erabakitzerik badu.
m) Era guztietako finantza-eragiketak hitzartzea erakunde publiko edo pribatuekin, baita maileguak, kredituak eta hirugarrenentzako fidantzak ere.
n) Elkarteko zorroa osatuko dezaketen balore higigarriak erosteko eta besterentzeko erabakia hartzea.
o) Bere jabetzako akzioen eta gainerako balore higigarrien titular moduan elkarteari dagozkion eskubide politiko eta ekonomiko guztiak erabiltzea. Horren ondorioz, aukeratutako ordezkaritzaren bidez, nahierara parte hartzea, eztabaidatzea eta bozkatzea konpainia edo erakunde jaulkitzaileetako batzar nagusietan, batzarretan, sindikatuetan, elkarteetan eta gainerako organismoetan. Era berean, titular horri dagozkion eskumen juridiko guztiak erabiltzea eta egokiak iruditzen zaizkion egintza, kontratu, hitzarmen, proposamen eta agiri guztiak hitzartzea, eskuestea eta sinatzea.
p) Beharrezko ordainketa guztiak egitea, dibidendu pasiboenak eta elkarteak unean-unean dituen fondoak biltzeko, administratzeko eta babesteko beharrezko gastuenak ere bai.
q) Elkartearen berezko helburuei begira, egokiak iruditzen zaizkion lanak egiteko erabakia hartzea, modu egokiena zein den ebaztea eta era guztietako hornidurei buruzko erabakia hartzea, euren kalitatea eta garrantzia edonolakoa dela ere. Horrez gain, askatasun osoa edukitzea horren lorpenerako edozein prozedura erabiltzeko, hau da, zuzenean, enkante bidez edo lehiaketa bidez erostea, inolako baimenik gabe.
r) Eskubide, ekintza eta salbuespen guztiak betearaztea eta izapide, instantzia, gorabehera eta errekurtso guztiak betetzea, elkartearekin zerikusia duten edo elkartearen eskumenekoak diren prozeduretan, espedienteetan, erreklamazioetan eta epaiketetan. Horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion botereak eskuestea, posizioei erantzuteko prozesurakoak eta berrikuspenerako epaiketarakoak ere bai.
s) Oro har, elkarteko ondasunak judizioz edo judizioz kanpo erabiltzeko, administratzeko, zaintzeko, gordailatzeko eta babesteko eginkizun guztiak betetzea.
t) Oro har, behar beste eginkizun garatzea, elkartea administratzeko eta gobernatzeko. Horrez gain, legezko agindu guztiak betetzea.
u) Elkartearen kudeaketa egokirako beharrezkoak diren eragiketa guztiak kontratatzea finantza-erakundeekin, kredituko finantza-establezimenduekin, elkarren bermerako sozietateekin eta leasing, renting eta factoring konpainiekin. Era berean, erakunde horiekin eragiketak egiteko eta kontratatzeko orduan, zer pertsonak izango duen edo duten eskumena zehaztea.
v) Estatutu hauetan adierazitakoa interpretatzea, bertako hutsuneei aurre egitea eta elkarteei buruzko indarreko legezko arautegia betetzea beti.
w) Batzar Nagusiak berariazko erabakiaren bidez esleitutako eskumenak betetzea, betiere eskumen bakarrekoak ez badira.
Bere eskumenen jardunean, Zuzendaritza Batzordeak era guztietako egitateak, egintzak eta negozio juridikoak egin ahal izango ditu, formalitate berezien zain egon gabe eta agintarien edo kanpokoen baimena eduki gabe. Dena den, derrigorrezko arauetan xedatutakoa hartu beharko du kontuan.
Era berean, elkartearen gobernuarekin, ordezkaritzarekin eta administrazioarekin zerikusia duten gorabehera guztiak ebatziko ditu, estatutuak interpretatuko ditu eta Batzar Nagusiari proposatuko dio estatutuok aldatzea.

21. artikulua.– Presidentetzak bere ekimenaz edo bertako edozein kideren ekimenaz zehazten duen guztietan batzartuko da Zuzendaritza Batzordea. Bilera bera presidenteak edo, bera ez badago, presidenteordeak edo, bata zein bestea ez badaude, urte gehiago dituen batzordekideak zuzenduko du.
Batzordearen erabakiak baliozkoak izateko, bertaratutakoen gehiengoaz onartu beharko dira, eta batzordekideen erdiak egon beharko dira bertan. Batzordearen erabakiak baliozkoak izateko, bertaratutakoen gehiengoaz onartu beharko dira, eta batzordekideen erdiak egon beharko dira bertan. Berdinketarik gertatuz gero, presidentearen botoa izango da kalitatekoa.
Idazkariak bileretako akta egingo du, eta dagokion liburuan transkribatuko du.

KIDE BAKARREKO ORGANOAK

PRESIDENTEA

22. artikulua.– Elkarteko presidenteak elkartearen legezko ordezkaritza izango du, eta bere presidentetzapeko Zuzendaritza Batzordeak eta Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betearaziko ditu.

23. artikulua.– Presidenteak Zuzendaritza Batzordearenak edo Batzar Nagusiarenak berariaz ez diren eskumen guztiak edukiko ditu, baina batez ere, honako hauexek izango dira:

a) Zuzendaritza Batzordearen eta Batzar Nagusiaren bileretarako deia egitea, bilerei hasiera ematea, eztabaidak zuzentzea eta kalitate-botoaren bidez erabakiak hartzea, berdinketarik gertatuz gero.
b) Zuzendaritza Batzordeari elkarteko jardueren plana proposatzea eta zereginak sustatzea eta zuzentzea.
c) Elkarteko idazkariak egindako aktak eta ziurtagiriak ikuskatzea.
d) Behar den moduan hitzartutako ordainketak agintzea.
e) Premiazko gaiei erantzuna ematea eta Zuzendaritza Batzordeari euren berri ematea lehenengo bileran.
f) Batzar Nagusiak berariazko erabakiaren bidez esleitutako eskumenak betetzea, betiere eskumen bakarrekoak ez badira.

PRESIDENTEORDEA

24. artikulua.– Presidenteordeak presidenteari lagunduko dio eta, aldi batean kargua betetzerik ez badu, ordezkatu egingo du. Era berean, Presidentetzak berariaz eskuordetutako eskumen guztiak betearaziko ditu.

IDAZKARIA

25. artikulua.– Idazkariak elkartean sartzeko eskabideak jaso eta bideratu egingo ditu, fitxategia eta Bazkideen Erregistro Liburua eramango ditu eta Akta Liburua zaindu eta idatzi egingo du.
Era berean, elkarteei buruzko indarreko legezko xedapenak betearaziko ditu, erakundearen agiri ofizialak zainduko ditu, elkarteko liburuen eta artxiboen edukia ziurtatuko du eta agintaritza eskudunak zuzendaritza-batzordeen izendapenari eta helbide-aldaketei buruzko derrigorrezko jakinarazpenak jasotzen dituela bermatuko du.

DIRUZAINA

26. artikulua.– Diruzainak egindako diru-sarreren eta ordainketen berri emango du, diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontua egingo du eta aurreko urteko kontuen egoera prestatuko du, Zuzendaritza Batzordeari aurkezteko. Era berean, Zuzendaritza Batzordeak Batzar Nagusiari bidaliko dizkio, onartu ditzan. Bestetik, bazkideen kuotetako ordainagiriak, baldintzapeko ekarpenen egiaztagiriak eta diruzaintzako beste agiri batzuk sinatuko ditu.

HIRUGARREN KAPITULUA

BAZKIDEAK: ONARTZEKO BETEKIZUNAK ETA PROZEDURAK ETA MOTAK

27. artikulua.– Nahi duten pertsona fisiko eta juridiko guztiak izan ahalko dira elkarteko kideak, betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
– Adinez nagusia izatea edo emantzipatutako adingabea izatea, euren eskubidea erabiltzeko orduan inolako lege-baldintzapean ez egotea eta, ebazpen judizial irmoaren arabera, euren gaitasuna mugatuta ez edukitzea.
– Elkartearen helburuak onartzea.
– Elkartean onartuak izatea.
Elkarteko bazkideak izan nahi duten pertsona juridikoek idatziz eskatuko diote presidenteari, eta honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:
a) Erakundea arautzen duten estatutuen kopia.
b) Organismo eskudunaren ziurtagiria, kasuan kasuko erregistroan izena emanda dagoela egiaztatzeko.
c) Organo eskudunaren berariazko hitzarmenaren ziurtagiria, elkarteko bazkide egiteko eta estatutuak betetzeko borondatearen zein ordezkarien berri emateko.

28. artikulua.– Elkarteko bazkideak izan nahi dutenek idatziz eskatu beharko diote presidenteari, eta, horretarako, bi kideren abala eduki beharko dute. Ostean, presidenteak horren berri emango dio Zuzendaritza Batzordeari, eta onartzea edo ez onartzea erabakiko du. Dena den, erabaki horren aurkako gorako helegitea aurkeztu ahal izango da Batzar Nagusian bertan.

29. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearen erabakiaren ondorioz, elkarteak ohorezko bazkide izendatu ahal izango ditu bazkide izateko baldintzak bete arren euren agerpen fisikoaren bidez elkarteko helburuen alde lan egiterik ez duten pertsonak. Bazkide horiek ohorezkoak bakarrik izango direnez, ez dute bazkideen izaera juridikoa izango, ez dute elkarteko gobernu eta administrazio organoetan parte hartzeko eskubiderik izango eta ez dute inolako betebeharrik izango. Bere garaian elkartea eratzeko akta eta estatutuak sinatu zituztenak izango dira bazkide sortzaileak, baita eratu osteko lehenengo lau hilabeteetan bazkide moduan onartutakoak ere. Ohorezko onespena baino ez da izango.

BAZKIDEEN ESKUBIDEAK ETA BETEBEHARRAK

30. artikulua.– Hona hemen bazkideen eskubideak:

1) Elkarteei buruzko Legearen edo estatutuen kontrako erabakien eta jarduketen aurka egitea, eskatzaileak aurka egindako erabakiaren edukiaren berri izan duenetik edo aukera hori izan duenetik hasi eta berrogei egun naturaleko epean.
2) Elkarteko gobernu eta ordezkaritza organoen eraketari, kontuen egoerari eta jardueraren garapenari buruzko informazioa jasotzea.
3) Elkarteko gainerako bazkideak nor diren, diru-sarreren eta gastuen kontuak nola dauden eta elkarteko jarduera nola garatzen den jakitea une oro, norberaren datuak babesteko arautegian aurreikusitakoa kontuan hartuta.
4) Batzar nagusietarako deia jasotzea, bertara joatea eta, bertan, hitz egiteko eta bozkatzeko eskubidea erabiltzea. Horretarako, beste bazkide batzuei eskuordetu ahal izango diete euren ordezkaritza.
5) Estatutu hauen arabera, elkarteko zuzendaritza-organoetan parte hartzea eta, aldi berean, hautesle zein hautagai izatea.
6) Indarreko legerian aurreikusitakoaren arabera, bazkideen fitxategian agertzea eta elkartearen ikurra erabiltzea, egon balego.
7) Estatutuen eta, egon balego, Barne Araudiaren ale bana edukitzea eta zuzendaritza-organoetan eskabideak zein kexak aurkeztea.
8) Gizarte-ekitaldi kolektiboetan parte hartzea eta bazkideen erabilerarako elementuez gozatzea (lokal soziala, liburutegiak…).
9) Diziplinazko neurriak hartu baino lehen, idatziz entzunak izatea eta neurrion zergatien azalpena jasotzea, betiere bazkide moduan dituzten betebeharrak betetzen ez badituzte.
10) Edozein unetan baja hartzea, euren gain hartutako eta bete gabeko konpromisoei kalterik egin gabe.
31. artikulua.- Hona hemen bazkideen betebeharrak:
a) Bete-betean jardutea, elkartearen helburuak lortzeko.
c) Gastuei aurre egitea eta, horretarako, Batzar Nagusiak ezarritako kuotak, derramak eta beste ekarpen batzuk ordaintzea.
d) Estatutu hauek eta elkarteko zuzendaritza-organoek behar den moduan hartutako erabakiak onartzea eta betetzea.
e) Baldintzapeko ekarpena oso-osorik egitea, hitzartutako terminoen eta baldintzen arabera.

BAZKIDETZAREN SUPOSAMENDUA ETA GALERA

32. artikulua.– Honako kasu hauetan galduko da bazkide-izaera:

1. Hiltzean (edo desegitean, pertsona juridikoak direnean).
2. Borondatez eskatzean.
3. Elkartea Zuzendaritza Batzordeak ebatzitako zigorraren ondorioz uztean, betiere honelako inguruabarrak gertatzen badira, hau da, estatutu hauetako betebeharrak eta Batzar Nagusiak zein Zuzendaritza Batzordeak behar den moduan hartutako erabakiak larriki, behin eta berriro eta nahita betetzen ez badira.
4. Bazkide partaideek (baldintzapeko ekarpenen bidez, elkartearekin bat egiten duten pertsonek edo erakundeek) bazkide partaidearen izaera galduko dute, baldintzapeko ekarpen guztiak kentzen dituztenean.

ZIGORTZEKO ARAUBIDEA

33. artikulua.– Zuzendaritza Batzordeak bazkideak zigortu ahal izango ditu, estatutuak edo Batzar Nagusiaren edo Zuzendaritza Batzordearen erabakiak behin eta berriro betetzen ez dituztenean.
Besteak beste, honelakoxeak izango dira zigorrak: 15 egunetik hilabetera arteko epean eskubideak etetea eta behin betiko elkartetik kanpo uztea, 34tik 37ra arteko artikuluetan (biak barne) adierazitakoa kontuan hartuta.
Horretarako, Presidentetzak ikerketa ireki ahal izango du, zigorgarriak izan daitezkeen jokabideak argitzeko asmoz. Idazkaritzak jarduketa horiek garatuko ditu, eta Zuzendaritza Batzordeari proposatuko dio behar besteko neurriak hartzea. Zuzendaritza Batzordeak berak ezarriko ditu zigorrak, interesdunei entzun ondoren.
Erabaki hori arrazoitua izango da beti, eta, Batzar Nagusian bertan, bere aurkako helegitea aurkeztu ahal izango da. Nolanahi ere, 30.1. artikuluan aurreikusitako ekintzak ere betearazi ahal izango dira.

34. artikulua.– Estatutu hauetako betebeharrak eta Batzar Nagusiak zein Zuzendaritza Batzordeak behar den moduan hartutako erabakiak larriki, behin eta berriro eta nahita ez betetzeagatik, bazkideren bat elkartea uzteko ustezko inguruabarrean eroriz gero, Presidentetzak Idazkaritzari agindu ahal izango dio aldez aurretiko eginbideak abian jartzeko. Horrela, bada, behar besteko informazioa erdietsiko du, eta, horren arabera, jarduketak artxibatzeko edo zigor-espedientea irekitzeko agindua eman ahal izango du Presidentetzak.

35. artikulua.– 32.3. artikuluan araututako edozein suposamendurengatik zigor-espedienterik irekiz gero, idazkariak egitateak egiaztatu eta idazkia bidaliko dio interesdunari, egotzitako karguen berri emateko asmoz. Ondoren, interesdunak erantzun egin ahal izango du, eta, zazpi eguneko epean, bere aldeko alegazioak egin ahal izango ditu. Epe hori amaitutakoan, gai hori Zuzendaritza Batzordearen lehenengo bilerako gai-zerrendan sartuko da, eta batzordeak egokia deritzona ebatziko du, batzordekideen erdien gehi baten “quorumaren” bitartez.
Interesdunari elkartea uzteko erabakiaren berri emango diote, eta erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu ahal izango du egiten den lehenengo Ezohiko Batzar Nagusian. Hain zuzen ere, hiru hileko epean batzar nagusi horretarako deirik egin ezean, horretarako bakarrik antolatu beharko da. Bien bitartean, Presidentetzak bazkide moduan dituen eskubideak kendu ahal izango dizkio espedientedunari. Horrez gain, Zuzendaritza Batzordekoa bada, bertan behera utzi beharko du kargua.
Elkartea uzteko espedientea Batzar Nagusira bidaliz gero, idazkariak laburpena idatziko du. Horiek horrela, Zuzendaritza Batzordeak egotzitako pertsonak aurkeztutako idazkiaren berri emango dio Batzar Nagusiari, eta behar bezala azalduko du zer gertatu den, batzarrak dagokion erabakia hartu dezan.

36. artikulua.– Elkartea uzteko erabakia arrazoitua izango da beti. Interesdunari erabakiaren berri emango diote, eta horren kontrako helegitea aurkeztu ahal izango du auzitegietan, dagokion eskubidearen betearazpenaren arabera, betiere legearen edo estatutuen aurkakoa dela uste badu.

37. artikulua.– Bazkideren bati elkartea borondatez edo zigorraren ondorioz utzi behar duela jakinaraztean, elkartean bertan egin gabe dituen betebeharrak betetzeko eskatuko diote, hala badagokio.
Bazkide partaidearen izaera galtzean, bazkideak ez du bere aldeko inolako eskubide ekonomikorik edukiko. Hala ere, xedapen horretatik kanpo geratuko da bazkide partaideak baldintzapean egindako ekarpenen benetako balioa berreskuratzeko daukan eskubidea, berreskuratzeko hitzartutako terminoen eta baldintzen arabera.

LAUGARREN KAPITULUA

SORRERAKO ONDAREA ETA AURREKONTU ARAUBIDEA

38. artikulua.– Elkarteak ez du hasierako sorrera-ondarerik.

39. artikulua.– Hona hemen elkarteak aurreikusi dituen baliabide ekonomikoak, elkarteko jarduerak garatzeko asmoz:

a) Batzar Nagusiak bazkideentzat ezarritako urteko kuotak eta beste tarifa batzuk.
b) Kasuan kasuko ondasunen eta eskubideen emaitzak, baita legearen arabera jaso ditzakeen dirulaguntzak, legatuak eta dohaintzak ere.
c) Estatutuen helburuak errespetatuta eta Zuzendaritza Batzordeak erabakitakoa kontuan hartuta, elkarteak legearen arabera egingo dituen jardueren bidez erdietsitako diru-sarrerak.
d) Bazkide partaideen baldintzapeko ekarpenak.

Elkartearen ekitaldia eta ekitaldi ekonomikoa urtekoak izango dira, eta ekitaldi bakoitzeko abenduaren 31n itxiko dira.

Elkarteak jarduera ekonomikoen eta zerbitzugintzaren ondorioz lortutako mozkinak elkarteko helburuak betetzeko baino ez dira erabiliko. Hori dela eta, ez dira inolaz ere bazkideen, euren ezkontideen edo antzeko afektibotasun-harremanpean eurekin bizi diren pertsonen eta euren senideen artean banatuko. Era berean, ez dizkiete doan lagako irabazi-asmoa daukaten pertsona fisiko edo juridikoei. Hala ere, baldintzapeko ekarpenak eta euren errendimenduak salbuetsita egongo dira, bazkide partaideei itzuli ahal izango zaizkielako, hitzartutako terminoen eta baldintzen arabera.
Bazkide partaideen baldintzapeko ekarpenak Mundubat Fundazioko mikrokredituen eta kredituen proiektuetarako ekarpenetan inbertituko dira, elkartearekin sinatutako hitzarmenen bidez. Elkarteak ekarpen horiek administratuko ditu, eta behin-behinean egotzitako itzulerak ezarriko ditu, estatutu hauen eta ekarpenetan zehaztutako baldintzen arabera.
Bazkide partaideek euren ekarpenen balio eguneratua oso-osorik edo zatika itzultzeko eskatu ahal izango dute, baldintzapeko ekarpenetan horretarako ezarritako epeen eta baldintzen arabera.

BOSGARREN KAPITULUA

ESTATUTUEN ALDAKETA

40. artikulua.– Bazkideek horretarako bakarrik deitutako Batzar Nagusian hartu beharko dute estatutuak aldatzeko erabakia, Zuzendaritza Batzordeak bere ekimenaz edo eskubide osoko bazkideen erdiek eskatuta halaxe ebazten duenean. Nolanahi ere, Zuzendaritza Batzordeak aldaketarako proiektua idazteko agindua emango du, eta proiektu hori zer epetan egon beharko den amaituta zehaztuko du.

41. artikulua.– Aldaketarako proiektua adierazitako epean idatzitakoan, presidenteak egiten den lehenengo Zuzendaritza Batzordeko gai-zerrendan sartuko du. Ondoren, Zuzendaritza Batzordeak onartu egingo du edo, hala badagokio, batzorde txostengileari itzuliko dio, berriro aztertu dezan.
Onartuz gero, Zuzendaritza Batzordeak egiten den hurrengo Ezohiko Batzar Nagusiko gai-zerrendan sartuko du edo horretarako bakarrik egingo du batzarrerako deia.

42. artikulua.– Batzarrerako deiarekin batera, estatutuak aldatzeko testua bidaliko da. Horiek horrela, bazkideek kasuan kasuko zuzenketak bidali ahal izango dituzte Idazkaritzara. Gero, zuzenketa horien berri emango diote Batzar Nagusiari, betiere Idazkaritzak bilera egin baino zortzi egun lehenago jaso baditu.
Zuzenketak banan-banan edo taldeka egin ahal izango dira, idatziz egingo dira eta beste testu baterako aukera eskainiko dute. Zuzenketak bozkatu ostean, Batzar Nagusiak estatutuak aldatzeko erabakia hartuko du, eta Elkarteen Erregistro Orokorrean inskribatzen denetik baino ez du hirugarrenenganako eraginik izango.

SEIGARREN KAPITULUA

ELKARTEA DESEGITEKO ETA ELKARTEAREN ONDAREA APLIKATZEKO PROZESUA

43. artikulua.– Elkartea desegin egingo da:
1. Bazkideek horretarako deitutako Ezohiko Batzar Nagusian adierazitako borondatearen ondorioz.
2. Estatutuetan zehaztutako epea edo baldintzak betetzeagatik.
3. Beste elkarte batzuekin bat egin edo xurgatzeagatik.
4. Legearen arabera ezarritako gutxieneko pertsona-kopurua ez egoteagatik.
5. Elkartea desegitea ebazten duen epai judizial irmoaren ondorioz.
6. Elkartearen helburuak betetzeko ezintasunaren ondorioz.
7. Kode Zibileko 39. artikuluan zehaztutako arrazoien ondorioz.

44. artikulua.– Elkartea deseginez gero, desegiteko erabakia hartu duen Batzar Nagusiak hiru zuzendaritza-batzordekidek osatutako Batzorde Likidatzailea izendatuko du, elkartean dauden fondoen ardura hartu dezan.Elkarteak bazkideen eta hirugarrenen aurrean dituen betebeharrei aurre egindakoan, soberako ondare soziala, egon balego, elkarteak zehaztutako eta estatutu hauetan adierazitako helburuetarako erabiliko da. Edonola ere, ondasun horiek ez dira inolaz ere bazkideen artean banatuko, baldintzapeko ekarpenak izan ezik.Elkarteak irabazi-asmorik gabeko erakundeei emango die soberako ondare soziala, betiere euren helburuak elkarteko xedeen antzekoak badira. Bestela, zentzu zabalagoan, gizarte-bazterketaren aurka borrokatzeko asmoz, hirugarren eta laugarren munduan abian jarritako proiektuetarako finantza-laguntzaren ezohiko sistemak aztertu edo garatzen dituzten erakundeei emango die. AZKEN XEDAPENA

Batzar Nagusiak Barne Araudia onartu ahal izango du, estatutu hauek garatzeko asmoz. Edonola ere, ez du estatutuetan adierazitako ezertxo ere aldatuko.